Zergatik Sistema Eragilea?
Argitalpenak desafio formalak dira artistontzat, gustu handiz onartzen ditugun erronkak. Erakusketen zama arintzen dute, eta estudio-lana agertoki berrietara eramaten. Argitalpenen luze-zabalean, beste batzuen ikuspegiez osatzen ditugu gure lanak. Beste pertsona batzuei idatzizko ekarpenak eskatuz prozesu hauek osatzean, gure testuak edo beste batzuenak itzuli eta argitalpenetan txertatzean... editore-rola gehitzen diegu gure zeregin plastikoei. Materialetan arreta jartzean, materialak tolestu eta moztean, inprimatze-modu tradizionalak behartzean edota existitzen direnetan sakontzean... esperimentazio-eremu berriak aurkitzen ditugu.
Euskal testuinguruan argitaraturiko artista-argitalpenen ehuneko handi bat finantzaketa publikoari esker ekoizten da. Azpimarratzekoa da xede honetara bideraturiko kontu-sailak gero eta espezifikoagoak direla, eta aurrekontuak gero eta handiagoak. Hala eta guztiz ere, gehienetan, argitalpenon banaketa eta zabalkundea bigarren maila batean geratzen dira. Antzeko zerbait gertatzen da beste iturri batzuek finantzaturiko argitalpenekin. Argitaratze-lana praktika artistikoaren alderdi garrantzitsua bada ere, ez dago artista-argitalpenak bildumatzea, aztertzea eta publikoaren esku jartzea ardatz dituen testuinguru edo proiekturik. Liburu-denda edo liburutegietan topa daiteke noizbehinka erakusgarri solteren bat edo beste, baina gehienetan ez dira munta handikoak izaten, ez eskalaz, ez konplexutasunez.
Sistema Eragilearen helburua, hain zuzen, egoera honi aurre egitea da, eta argitalpenen banaketa eta trukea bultzatuko dituen tresna bat sortzea. Sistema Eragileak katalogo batean bildu nahi ditu euskal testuinguruan ekoizten diren artista-argitalpenak; datu-base bat eraiki nahi du, baliagarri gertatuko zaiena komisarioei, historialariei, ikasleei, irakurleei, ekintzaileei... eta aldi berean artistei beren argitaratze-bitartekoetan sakontzen lagunduko diena.
